XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Piku guri gozoarekin joan zen aberea, erbia baino arinago, lagunetara.

- Ez agertu Ondazko uraskara! adierazi zien arnas-estu.

- Basajauna dago piku jaten iturri ondoan.

- Trebe da beste aldian harrika edo tiroka hastea.

Egun guztian ez zuten erregeren begiek beste piztirik ikusi Beriainpe guztian.

Beltza zen arratsaldean erregeren nahigabea.

Esku huts itzuli behar alde batetik etxera, eta pikuaren burla bestalde.

- Hau da, hau, egin dudana! Basahuntza iturrira etorri eta pikua bota burura! Ez beza mesedez inork jakin.

- Egon lasai, eta ez horretaz gehiegi kezka, esan zion berekin eraman ohi zuen morroi gezur-konpontzaleak.

Atsegin zitzaion aholkua, baina barnean zeraman lotsa, kentzerik ez zegoen: - Zertara etorri naiz gaur mendira? - zioen damuturik.

Jauregira iritsi orduko agintari eta handi-mandi * asko joan zitzaizkion agurtzera.

- Nola iragan duzu eguna? Ehizarik joan al zaizu? zioten.

- Sekulakoa egin dut gaur, erantzun zien erregek.

- Ez dut uste horrelakorik gerta den besterik inon.

- Ea, bada, zer den hori! erantzun zioten entzuleek.

Zerbait haundi gertatuko zitzaion noski.

- Basahuntzari tiroa besoko atzazaletik * sartu eta begitik atera diot.

Lanik aski izan zuten bisitariek barnez lehertzera zeukaten irrigura kanpora ez agertzen.

Ehiztarien ahotatik gezur borobilak entzunak zituzten, baina hain itxuragaberik ez.

- Gehiegi ez bada zuri gertatua errege jauna? esan zion norbaitek. Ikusi gabe ezin da sinets.

- Hala beharrez, badut dena ikusi duen lekuko bat, esan zuen erregek.

- Deitu mesedez nere ateraldietako bidelagun onari.